XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kritika
Metodo kognoszitiboari egiten zaion kritika nagusia zera da: Chomsky-ren linguistika generatibo eta gramatika transformazionalaren mende egotearena.

Gaurregun ez da ontzat ematen inolako teoria linguistikoarekiko menpekotasunik.

Era berean, ez da ondo ikusten metodo kognoszitiboak egiten duena, hau da, gramatikatik hastea, gero oinarrizko trebetasunak lantzera pasatzeko.

2.2. KOMUNIKAZIOZKO JOKABIDEA: BIGARREN HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZARAKO GAUR-GAURKO JOERA
The communicative approach ez da metodologia berri bat, zera baizik: hizkuntzen irakaskuntzan gaurregun gidari azaltzen den filosofia orokorra.

Honako hau da, berriz, joera honen postulatu nagusia: bigarren hizkuntzaren ikaskuntzak ikaslea komunikaziorako gai egitea izan behar du helburu, hau da, jatorrizko hiztunekin eguneroko egoera arruntenetan komunikatzeko behar dituen trebetasunen jabe egitea.

Joera berri hau 1970. urtetik aurrera hasi zen mamitzen, Europako Kontseiluak aditu-talde bati helduei bigarren hizkuntza irakasteko sistema bat egitea agindu zionean.

Azpimarratzekoak dira, talde horren barruan, D. A. WILKINS eta J. A. VEN EK.

Adituek helburuak markatzeari ekin zioten beste ezeri baino lehenago, hots, bigarren hizkuntzaz baliatzera iristeko ezinbestekotzat jotzen diren helburu minimo batzu markatzeari.

Helburu horiek, ordudanik, atalase-maila (Threshold level, niveau seuil, nivel umbral) izenez dira ezagunak.

Atalase-maila osatzen duten helburu minimo horiek ez dira ezaguera-terminotan formulatzen, gaitasun edo trebetasun-terminotan baizik.

Alegia, zera da nagusiki aztertzen dutena: zer egiteko gai izan behar duen ikasleak hizkuntza berrian; eta gero, baina bigarren mailan, zer hizkuntz formak erabili beharko dituen komunikazioa lortzeko.

Hizkuntza berriaz komunikatzeko gai izan dadin, ikaslea zein trebetasun eta hizkuntz formaren jabe izan behar duenaren berri jakiteko, ikasleak maizenik zein egoera eta zein gairen barnean mugitu behar duen aztertu zen.

Eguneroko gaiez hitzegitea gertatu zen ariketarik erabiliena.

Beharrezkotzat jotzen dira horretarako nola mintzamena hala ulermena.

Helburu minimoetan oso handia da, beraz, hizkuntza mintzatuaren trebetasunak lortzeak duen garrantzia; eta bigarren mailakoa besterik ez da hizkuntza idatziarenak, irakurketa eta idazketaren trebetasunak lortzeak duena.